XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sor Mariaren eskutitzak gorde izan diranak, galduak ere asko izango dira eta mordo aundia osatzen dute.

Edozeiñentzat zuan arek zer esana. Ala, Felipe IV erregea, Zaragozara zijoala, Agredan gelditu zan 1643-ko uztaillean, eta Sor Mariarekin itzegin.

Andik aurrera alkarri egindako eskutitzak seireun eta amalau omen dira; eta arrigarria da mojatxo arek bere idazki oietan agertzen duan jakinduria.

Sor Maria, etzan bein ere osasun onekoa izan, eta 1665-eko maiatzaren 24-an il zan, irurogei ta iru urterekin.

Liburu bat ere idatzi zuan moja onek, Mística Ciudad de Dios izenburuarekin ezagutzen dana. Esku-idazkia Agredako komentuan gordetzen da gaur egunean ere.

Liburu aundia da, eta bi bider idatzia.

Leenengo aldiz, 1637 urtean-edo asi eta 1643 urterako bukatua.

Baiña Sor Mariak surtara bota eta erre egin zuan. Ala ere, kopia bat bazuan erregeari bialdua, eta uraxe orduan salbatu.

Aitorleak, ordea, liburua berritzea agindu zion.

Sor Mariak txintxo asko bete zuan aren esana; eta bigarrengo idazkera onekin bestea alperrikakoa zalakoan, erregeari leen bialdutako kopia ura ere erre egin zuten.

Sor Maria ildakoan, bere liburu orren esku-idazkia eztabaida askoren gai biurtu zan, ez Espaiñian bakarrik, baita Erroman ere.

Batzuk alde eta besteak kontra, benetako sokatira egin zuten bi alderdiak urte mordoan.

Txeetasun guzien berri ematerik ez dago, noski.

Baiña auxe esan dezagun: auzi orrek itxi diola moja oni aldareetako bidea, orain artean beintzat.

Esan degunez, Mística ciudad de Dios izenburuarekin ezagutzen da gaur egunean liburu ori.

Baiña Sor Mariak erantsi ziona, garai artako moda alaxe baitzan, askoz ere luzeagoa da berez.

Gaia zer dan ederki adierazten duanez, alda dezagun onera oso-osorik: